top of page

ETBkrazia

Atzo, osteguna, antzokitik oinez bueltan nintzela bizilagun batekin “el conquistador” delako programaz jardun ginen. Hasieran galdera sinplea egin zidan: Ikusten al duzu? Nik ezezkoa erantzun nion, urteak direla programa ikusten ez dudala, hasieran zuen xarma hura galdu duela iruditzen zaidala. Ia erantzuteko denborarik utzi gabe ikusteko esan zidan, aurtengoa ikusi behar nuela. “Behar” horrengatik galdetu nion eta esan zidanez programan bikote diren bi pertsona omen daude parte-hartzaileen artean, hauek, ordea, ez zuten ezer esan. Eta noski, “goikoek” “neurriak” hartu zituzten.

Zein da arazoa? Bada, badirudi zuzendariak enteratu zirela bi pertsona hauek bikote zirela, hortaz, azken asteko programan elkarri LOTU eta PERTSONA BAT izango bailiran parte-hartu beharko zutela jakinarazi zieten. Hauek ordea, bikote dira, bai, eta bikote diren bezala independente ere badira. Programako beste “froga” bat dirudien honek badu, Go!azen telesailak bezala, gizartean inposatze zaigunaren isla izateko gogoa.

Gazte hauen telesailean betaurrekoduna eta gizena “pringatuak” dira; neskak ""prototipoak"" dira; beltz bakarra dago telesailean eta “gaiztoen” aldean agertzen da, bigarren planoan beti; Mikel eta Haizearen arteko amodio erromantikoa… Eta ETBrentzat hau gutxi balitz bezala, laranja erdiaren eta betiko lotura horren erreprodukzioa egin behar “Conquis”en…

Programa bat saltzeak, share handiagoa lortzeak, eragin dezakeen mina badirudi ez dela existitzen haientzat. Garaiak aldatu dira, baina gizartea ez dijoa denboraren erritmo berean antza, ez gizartearen gehiengoa behintzat. Bazioen baten batek, atzera goazela aurrera ez bagoaz, zenbat arrazoi, eta zein gutxi axola izan zaizkigun hitz hauek…

Telebistan agertzen diren pertsonak, benetakoak zein antzeztuak, eredugarri dira jende askorentzat, batez ere gazteentzat, etorkizunarentzat. Nola nahi dugu arrazakeria desagertzea, telesail batean beltzaran bakarra badago eta gaiztoa dela sujeritzen badigute? Nola nahi dugu elikadura trastornoak, konplejuak etb. desagertzea, telesail bateko pertsonaiak “prototipoa” direla sujeritzen badigute? Nola nahi dugu jende guztia integratu, telesail batean jendea itxura fisiko hutsagatik baztertzen badugu? Nola nahi ditugu rollak aldatu, telesail baten garbitzailea emakumea bada eta mantenimentukoa gizona? Nola nahi dugu heteroaraua apurtu, telesail batean erlazio guztiak heterosexualak badira? Nola bukatu nahi dugu transofobiarekin, telesail batean pertsonaia guztiak zisgeneroak badira? Nola bukatu nahi dugu erlazio toxikoekin, reality batean gure bikoteari lotuta egon behar dugula erakusten badigute? Nola aldatuko dugu gizartea, telebistak dioenaren aurkakoa bada?

ETB, ez zara gauzak behar bezala egiten ari. Gizartearen inposizio guztien lekuko zara. Gizarte honek izan behar ez duenaren eredu. Berdintasunaren etsai. Ez da nahikoa “Ur-handitan”ekin aurpegia garbitzea. Ez da nahikoa astean behin transexualak, gayak, lesbianak, altsasuarrak (non zegoen programan Altsasuko Asanblada?), feministak etb. ateratzea aurpegi solidarioena eta empatikoena erakutsiz, asteko beste 6 egunetan rollen eta zapalkuntzen birprodukzioa egiten ari bazara. EZ DA NAHIKOA. Aldatzeko garaia da. Telebistan inoiz ikusi ez duguna ikusteko garaia. Normaltasunez Gizarteko sektore guztiak bisualizatzeko garaia. Roll inposatuak alde batera uzteko garaia. Emakumeak mantenimendu lanak egiten ikusteko garaia, gizonak fregona pasatzen ikusteko garaia, lesbianak, bisexualak, gayak, transak, ez binarioak… ikusteko garaia, zitrikoekin konparatutako maitasun erromantikoak ez ikusteko, beltzak protagonista bezala ikusteko, edozeinek, edozein programa ikusten ari den bitartean baztertua ez sentitzeko, inor besteak baino gutxiago ez dela erakusteko.

Ez dakit, agian ajea da, agian egitan behar dugu aldaketa, edo agian ez. Dei nazazue marikon, dei nazazue feminazi, dei nazazue ero, dei nazazue nahi duzuen bezala, baina begiak Beñatenak ditut, eta Beñatek hori ikusi du, betaurreko pare bat baino gehiago behar izan ditu, bai, baina ikusi duena hori da.

Orain zuei dagokizue begiratzea, ikustea, aztertzea eta konklusioak ateratzea, izan ere, ni, agian, erotuta nago.

bottom of page