“AZKEN” OSTEGUNAZ
Aste osoa neraman atzo nire “azken osteguna” izango zela esanez. Aurten hainbeste barre, hainbeste momento oparitu dizkidan asteko eguna. Ez dakit zenbateraino izango den azkena. Ez dakit datorren ikasturtean non egongo naizen. Ez dakit datorren ikasturtean zein izango naizen. Ez dakit datorren ikasturtean nongoa izango naizen.
Atzo hiltzera irten nintzen, inoiz ez bezala (ostegunetan lagun izan ditudanak esango dute beti bezala atera nintzela, baño ez, jarrera etzen osteguneroko). Txikitako bi lagun etorri ziren atzokoa gurekin pasatzera, doakie haiei nire eskerrik beroena, beti bidelagun izan ditudalako, baita nere bi amatxitoei, haiek gabe hemen ezpainaiz iñor.
Atzo, inoiz onartugabekoak onartu nituen, inoiz esangabekoak esan nituen eta inoiz egin gabekoak egin nituen.
Atzo nire eguna (edo “eguena”, nire kiriko maiteei omenalditxoa, haiei ere eskerrak bizitako guztiagatik, eta bizitzeke dugunagatik) zen. Etxetik atera nintzen momentutik banekien atzo kaleak nireak izango zirela, esker ukondo barran edukiko nuela lehenik, et beranduago, aldaka askatzean, antzokiko tarima.
Atzo faltan nituen. Faltan zintuztedan, Aitor, Kerman, Irantzu, Maddalen, Maialen, Iñaut, Irati, Matxosu, Alaitz, Aitor… Faltan. Gaua gurea izatea nahi nuen. Lasai, nire egin nuen zuengan pentsatzen utzi gabe. Eskerrikasko hainbestegatik.
Atzo, aspaldi lurralde hartan lekua egiteko gogoa nuen arren, galduta nenbilen arren sarrera aurkitu ezinik, mapa aurkitu nuen, zeruari begira. Itsasoaren metafora gastatuegia dago.
Atzo, senegaldar batzuekin egon nintzen, 5 minutu, baian nahikoa izan zen gaur eskumuturrean larruzko pultsera batekin esnatzeko, eta hiru besarkada jasotzeko. 5 minutu, 3 besarkada. Atzo hainbeste behar nituen haiek, gutxien espero nuenengandik jasoak.
Atzo konturatu nintzen agian, datorren urtean, BILBON bizi naizela esan beharko dudala, baina han ere Deustua defendatuko dut, zindagizuet. Zuei ere doakizue besarkada estu estu bat, DENEI. Ziudadera bizitzera etortzekoa nintzelako, eta nirea sentitu dudan herri batean bizi izan naizelako. DEUSTUA EZ DA BILBO. Eskerrak batez ere hain denbora gutxian, gure familiari hainbeste, hain gutxiren truke eman diguzuenei. Olatz, Nerea eta Uxue, maite zaituztegu.
Atzo, nire lekua etengabe bilatzera behartzen nauen gaixotasun madarikatua alboratu eta nire lekua hau zela pentsatu nuen. Eta bat-batean pozak inbaditu ninduen. Eskerrak gaur berriro sintomak azaldu diren, oraindik bikoiztuta. Ez dakit atzokoagatik ez ote den…
Atzo, astelehen arratsaldeko, itxialdietako eta manietako kideak ikusi nituen. Haiei eskerrak, besarkada bat eta eman didaten indar guztiaren bikoitza. Aske izateko goga banuen, zuekin askatasuna konkistatuko dugunaren ziurtasuna baitut. Hamburgesa eta Iturriei batez ere muxu goxo goxo bat.
Atzo, Errondan txanda egiten ari zirenei eskerrak. Eta besarkada luze eta estu bat gaur metroko eskilaretan gurutzatu dudan gizonari. Badakit ez duela irakurriko, baina egon bedi betirako nire eskertza sarean.
Atzo, hiltzera irten nintzen, kaleak nire egitera, arazoak albo batean utzi eta ondo pasatzera, nire lekua bilatzeari utzi eta momentua zukutzera, internoari begiratu gabe, kanpoaldeaz gozatzera, disfrutatzera.
Atzo, konturatu nintzen oraindik bunkerrean bizi naizela, eta inoiz baino zailagoa ikusten dudala bertatik irtetea. Hain seguru sentitzen naiz bere barnean…
Atzo, hala ere, bunkerreko lehiotik burua atera nuen, zeruari begiratzeko, etzuen euririk ari. Gustoko dut bunkerretik, nire babesleku diren orma zabal horietatik irtetera bultzatzen nauten uneak, pertsonak eta egoerak. Beñatek, benetakoak, gustoko baitu noizbehinka berriro argia ikustea, betiere tentuz, baina eztuzue ezagutzen, hobeto bizi da bunkerrean, babesean. Betidanik bidelagun izan ditudanak badakite.
Aspaldian enituen malkoak isuri idazten nuen bitartean, eta gustoko dut, ni naizelako. Hortaz, zuri ere, irakurtzen ari zaren horri nire eskerrik beroenak, malko hauek zureak dira, zuri eskeiniak.
Atzo nire azken osteguna zen.
Esnatu naizenean, ordea, mezu bat nuen “Ei, datorren astian klaseko afarixa?”.
Haiei eztiet oraindik ezer eskertu, hortaz, datorren ostegunean ikusiko dugu elkar, Bilbo.
Matte zattuet.