top of page

Urte berriaz

Abenduaren 31a, gaueko 23:59. Mandarina zatiak zenbatzen dituzu, mahatsak ez dituzu gustuko.

00:00. Urtarrilaren 1a. Bi muxu familiako guztiei. Lehen mezuen hartu-emana. "Urte berria". 10€ gastatu zenituen 2017ko egutegi berrian. Bihar ajearekin zintzilikatuko duzu. Nostalgiaz begiratuko duzu. 2016a lehengo urtea izango balitz bezala.

4 egun baina ez dira pasa pasaden urtetik gaur arte. 24x4=96. 96 ordu baino ez dira pasa. 8664 dituzu aurretik. Bat-batean konturatzen zara 4 egun gehiago baino ez direla.

Egun batetik bestera gauzak aldatuko balira bezala, pozik zoaz amerikana berriarekin aurreko larunbatean txandalez joan zinen tabernara. Betikoak dituzu zain. Besarkadak. Muxuak. "Zenbat denbora ikusi gabe!". "Zer moduz hasi dugu urtea?". Lehengo larunbatean barran lagun izan zenuena ikusten duzu, besarkada bat, "Urte berri on! Zer behar duzu?". Pozik zaude. Garai txarrak "ziren", urte berriarekin gauzak hobetuko direnaren ipuina sinistu duzu, eta hoberena, zure burua zentzuduntzat zenuen. Gau hortan bertan ez zara konturatzen, etxean sagardo botila osoa edan duzu zuk bakarrik, eta lehengusuak ekarritako ginebra frantziarrarekin eginiko ginkas pare bat. Tabernara iritsi bezain laster beste ginkas bat, eta hori gutxi balitz, matxakatu bat, eta beste ginkas bat, aurrekoa bukatu duzulako. Zure gorputza ez dago ohituta garagardoa ez den beste ezer edatera. Goian zaude. Zeruan. Baina ez duzu inor aurkitu. Hala ere berdin dio, "Kamarero, beste ginkas bat!". Inor aurkitze horrek ez dizu axola. Ze demontre, oraintxe ez dizu ezerk axola.

Hurrengo goiza lo.

Arratsaldea sofan. Gauzaez.

Urteko bigarren eguna iristen da. Azterketak dituzu urtarrilean, baina urte berria da, gogoz hartzen dituzu apunteak. Alferrik. Amore ematen duzu beste behin. Zure barne gatazkek eta pentsamenduek ikasketa goiza intoxikatzen dizute. Ezinezkoa zaizu zentratzea. Berriro hartzen duzu koadernoa. Argazkilaritzari buruzko pare bat tutorial. Ustez prest zaude ikasketari ekiteko berriro. Baina ez.

Bueltan dira iraganeko mamuak. Atea jo gabe sartzen dira. Inbasioa. Ametsak, ikasketa orduak eta otorduak sabotetzen dizkizute. Indarra ere kentzen ari zaizkizu pixkanaka.

96 ordu baino ez dira pasa. 8664 dituzu aurretik.

8664 dituzu aurretik.

8664.

Abenduaren 31a, gaueko 23:59. Mandarina zatiak zenbatzen dituzu, mahatsak ez dituzu gustoko.

00:00. Urtarrilaren 1a. Bi muxu familiako guztiei. Lehen mezuen hartu-emana. "Urte berria". 10€ gastatu zenituen 2018ko egutegi berrian. Bihar ajearekin zintzilikatuko duzu. Nostalgiaz begiratuko duzu. 2017a lehengo urtea izango balitz bezala.

Egun batetik bestera gauzak aldatuko balira bezala, pozik zoaz...

Urte berriarekin gauzak hobetuko direnaren ipuina sinistu duzu...

...eta hoberena, zure burua zentzuduntzat zenuen.

Inplosio.

bottom of page