19 edizio eta 500 kilometro
Beharrezkoak izan dira. 19 edizio eta Valentziatik etorritako talde bat. Zertarako? "Vamos a hacer un pogo solo de tias" entzuteko. Euskal Herrian oso aurreratuak baikara, oso feministak, oso gorriak, baina 19 edizio beharrezkoak izan dira gurean egiten den jaialdi esanguratsuenean emakumeen ahotsa erdizka entzuteko. Bai, erdizka, "Mafalda" taldekoek esan bezala, nahiz eta atzo emakumeen presentzia oso txiki bat egon (12 taldeen artean 5 emakume), oraindik bide luzea dagoelako egiteko.
Valentziarrek izerdia euria bailitzan erortzen den testosteronaz beteriko karpa hura, une batez, emakumeena egin zuten. Gizonak atzera, emakumeak aurrera, erdira. Kontzertu gehienetan gizontasunaren erakusleiho izaten dena, beraiena zen atzo. Oholtza, lehen ilara, pogoa, ahotsa. Bere egin zuten espazioa, momentua. Ezin nuen erreakzionatu. Buruarekin baietz besterik ez nuen esaten, pozik.
Orduan gogoratu nintzen pasa den urtean, 2015eko urrian, gelakideekin edukitako eztabaida. Kattalin Minerrek 2013an idatzitako artikulu baten harira zetorren diskusioa. Beste behin, eskerrak eman behar dizkiet gelakideei eta Kattalini. Gaur hau idazten ari banaiz, egun hartan eman zizkidaten zaplazteko feministei esker delako. Gaur hau idazten ari banaiz, haiek "betaurreko moreak" eman zizkidatelako baita, eta beharrezkoa den guztietan, betaurrekoak garbitzen dizkidatelako ere bai.
Hatortxuko kartela ikustean ez nituen Lendakaris Muertos eta Arkada Social taldeak baino ikusi. Bigarren begiratua eman nionean "Afu" nafarra ikusi nuen EMAKUMEA! Beranduago, ordurarte ezezagunak nituen Valentziar batzuk "Mafalda", nortzuk ote? Zuzenean YouTubera. Lehenengo abestia "En Guerra". BOOM.
Aurten HTXra talde bat ikustera joan banaiz Mafalda izan da. Jaialdiak berak duen helburuak bultzatu ninduen lehenik sarrera erostera, baina Mafalda ezagutu nuenean haien zuzeneko bat ikusteko irrika izugarria zen. Beti pentsatu izan dut letrak mezua behar duela. Eszenario bezelakorik ez dagoela mezu bat zabaltzeko. Eta hostia zein ondo egiten duten hauek. Zein ondo aprobetxatzen dituzten euren baliabideak. Mezuaz gain, onak dira abesten. Ez dira orainarte entzun ditudan 3 akorde jotzen dituzten eta ahots gastatuz abesten duten mezudun taldeak bezala. Aspaldian entzun ditudan mezu indartsuenez gain, instrumentu zein ahotsarekin duten gaitasuna latzak dira!
Ez naiz musikaz hitz egitera etorri ordea. Mezua, diskurtsoa, ekintzak izan ziren atzo garrantzitsuena. Bi aldiz abesteari utzi eta diskurtso labur baina intentso bat eta hainbat erasoren plazaratzea egin zituzten. Emakumeen presentziaz eszenatokian aritu ziren. Aipatutako hamarnaka erasoak salatzean hatz lodiak eta erakusleak elkartu eta karpako "skyline"a baginaz bete zen; eta bukaeran definitiboki hau idaztera bultzatu ninduena: "Vamos a hacer un pogo solo de tias".
19 edizio eta 500 kilometro beranduago, iritsi da zerbait. Ez nahikoa, argi dago. Baina, bazen garaia.
Moltes gràcies Mafalda.