Feminismoaz, gizonentzat.
Ziur naiz honela gizonik ez dela minduta sentituko, post hau haientzat baita. Emakumerik mintzea ere ez dut nahi, ziur irakurtzen jarraitu, eta ulertuko duzuela zertaz ari naizen.
Badago azken aldian joera bat borroka guztiak gureak egiteko. Beltzen borroka zuriena ere egiteko, homosexualena heterosexualena ere egiteko, transexualena zisgeneroona ere egiteko, emakumeena gizonezkoena ere egiteko... Baina hara! Gizon zisgenero heterosexual txuri bat zara, eta pankarta guztiak heltzen lehenengoa izan nahi duzu.
Badira bi urte feminismoaren inguruan nire aletxoa jartzen hasi nintzela, Hernaniko institutuan bertako ikasleek sortu genuen talde batean. Hasieran zuek bezalakoxea nintzen. Ez nuen ulertzen berdintasunaren bila ibiltzen ziren haiek nola antola zezaketen lasterketa bat emakumezkoentzat bakarrik edo nola egon zitezkeen emakumeez bakarrik osaturiko asanblada feministak.
Baina gizakiontzat oinarrizkoa da ikastea. Eta gai honen inguruan lagunekin edukitako eztabaidek, lagun baten ahizparen hitzek, eta beste lagun baten hitzek ''Pititoak goran daude, eta pototak igo behar dira''... Asko lagundu didate ikasketa eta formakuntza prozesu honetan.
Lagunak esandako hitzak daude testu honen oinarrian. Izan ere ''Pititoak goran daude, eta pototak igo behar dira'' errealitatea esaldi bihurtua da. Hau da, gu goian gaude, ezin dugu gorago joan. Zapalduak, emakumeak dira. Gu pribilegiatuak gara, eta borroka honetan pribilegio horiei uko egitea da gure lana. Emakumeak, beraiek, euren kabuz, gai dira guregana igotzeko (nahiz eta guk, gure pribilegioak ukatuz jaitsi behar garen, igoerako bidea motzagoa izan dadin), ez gara behar bital bat borroka honetan. Borroka honetan bitalak beraiek dira.
Hortaz, gizon zisgenero heterosexual txuri horrek, arren, utzi ezazu ''supermilitante hiperkonbentzitu'' bat izatea alde batera eta hasi gizartean duzun lekua birplanteatzen eta bizi duzun pribilegio egoerari uko egiten. Zure borroka, ez da beltzena, homosexualena edo emakumeena. Zuk baduzu zure tokia gizartean, utzi besteei euren kabuz euren tokia egiten, eta guztiok berdinak garenean, orduan, hel gaitezen eskutik, eta goazen guztiok batera amesten dugun gizartea sortzera.
Ez minduta sentitu lekuren batean zure beharra sentitzen ez badute, irri egin eta poztu jende horretaz, konturatu baitira nahikoa indar dutela euren kabuz, beraiena dena eskuratzeko.