Tradizioa, abolizioa
Gure arbasoak miresten ditut, haiek utzitako ondareek duten misterioa nire ahuldade dira, edo izan dira, orain arte behintzat. Hori izan liteke etorkizunean nire ikasketak historiaren arlora zuzenduak izatearen arrazoietako bat. Azken egun hauetan ordea, gure tradizio ugari abolitzeko gogoa sartu zait. Izan ere, Darwinen teoriak zioenez, animaliak ingurura egokitzeko hainbat eraldaketa jasaten dituzte, bada, non daude eraldaketa horiek?
Inguruaz gain, gaur egun gizartea ere aldatzen da, edo aldatzen saiatzen gara ero batzuk. Ero nagoela asumitua daukat, ziur ni bezalako askok ere asumitua izango dutela eta jakingo dutela zertaz ari naizen. Hala ere, nire erokerian zentzudun, ulergaitza zait, nola gaur egun, oraindik badiren animaliekin ospatzen diren odol festak, edo emakumeak onartuak ez diren jaiak.
Bizi garen garai hauten, jakina da honezkero animaliek sufritzen dutela, batzuei antza ez zaie inporta batere. Aste honetan zehar etxean garbiketa egiten aritu gara ama, anaia eta hirurok; paper zaharren artean ara non agertzen den Urnietako 1996ko festetako programa, bertan nahiko harro azaltzen zen zezenketak ospatuko zirela zezen plaza portatil batean. Badira urte batzuk zezenketak ospatzen ez direla gurean, agian 96ko haiek izan ziren azkenak, baina nork daki tradizio krudel, zikin eta arrotz hau berriro ate joka izango dugun gure herri txiki honetan. Orain hiruzpalau urte Donostian ere debekatu ziren zezenketak, alkate jaun berriaren iristearekin Ilunbe berriro hiltoki hotz bihurtuko denaren beldur gara. Askok esango dute zezenketarik nahi ez bazuten EAJri ez bozkatzeko, Hernanin sokamuturra nahi ez dutenek zeni bozkatu behar diote? Ez da alderdi politikoen kontua, ez da alderdi bakoitzaren printzipioekin bat egiten duen ala ez, tradizio kontua da, hezurretan, buruan eta batzuen kasu tamalgarrian, baita odolean sartua izatearen kontua. hain sinplea, eta hain zaila. Gezurra dirudi oraindik animalien tortura onartua izatea, baina beno, pertsonak torturatzen dituen herrialde batetik ezin gehiago espero.
Hau ordea gure tradizio zikinetako bat besterik ez da, gehien entzun dena eta abolitzen gehien saiatu grena agian, baina egun hauetan pil-pilean dago Irungo alardearen kontua, eta sentitzen dut, baina ezin gainetik pasa. Hasteko, nire agurrik beroena Irungo alkateari, oker ez banago sozialista, ezkerrekoa, harrapatzak hi! Sozialista nauk, baino ez diat alarde mistoa agurtuko... Bejondeiela motel! Si Ramon mercader levantara la cabeza... Sarkasmoa alde batera utziz, benetan lazgarria da oraindik Irun eta Hondarribian bizi den egoera, historikoki nahiko herri ezkertiarrak izan dira biak oker ez banago. Beñat egoera tradizionalista, matxistenean jarrita ere ez da emakumeak ez onartze hori ulertzeko gai, oh, wait... Emakumeak konpainia guztiek onartzen dituzte, kantinera bezala, hori bai, eskopeta hartzerako garaian gizonak hobe...
AGUR ETA OHORE MILIZIANA ERREPUBLIKAZALE, ITALIAR MILIZIANA, FRANTZIAR MAKI, PARTISANA, IRA-KO MILITANTE ETA GAINONTZEKO EMAKUME FUSILDUN GUZTIEI. Historia ere aurka duzue jaun andreok, zuen tradizioak ez du ez hanka ez bururik, emakumeek ehunka guduetan parte hartu dute gizonezkoen adore eta arma berdinekin historian zehar, eta ziur alardean antzezten den dena delako desfile hartan ere bat baino gehiago egongo zela kantinerez gain.
Argia da, beraz, nahiz eta tradizioak gurean sustraituak egon, gizakiak eboluzioa behar duela aurrera egiteko, ezin dugu Frankismoan gelditu, matxismoak, torturak, bazterpenak, homofobiak eta gainontzeko atzerapenek ez dute tokirik gurean, tradiziotik, aboliziora, festa diskriminatzaile eta baztertzaileekin tradizio bihur dadila abolizioa. Denon artean lortuko dugu gizarteak aurrera egitea. Ero guziek bat eginda lortuko dugu.
Zuen tradizioak, gure abolizio dira.
GORA ANIMALIA ASKEAK!
GORA EMAKUME FUSILDUNAK!